Behar handienak dituzten taldeenganako elkartasuna da Arabako gizartearen eta instituzioen ezaugarrietako bat. Jokabide horren adibide dira pertsona helduei, elbarritasunen bat duten pertsonei edo gizartean zailtasunak dituzten sektoreei zuzendutako gizarte-zerbitzuak. Bestalde, odol-emaileei eta organo-emaileei dagokienez, Espainiako tasarik altuenetakoa du.
Arabako instituzioak aitzindariak izan dira urteko aurrekontuen zati bat Hirugarren Munduari eta behar handien duten herriei zuzentzeko orduan. Araba lurralde plurala, irekia eta tolerantea da, eta jatorri desberdineko jende asko bizi da bertan.
Ezaugarri horiei esker Araba nahitaezko erreferentzia da beste gizarte batzuentzat Europa berriaren diseinuan.
Arabako Lurralde Historikoko instituzioak aitzindariak dira Europan eta beste eskualde eta herrialdeentzat eredu dira herritarrei gizartean integrazio handiagoa eta bizi-kalitate hobea lortzeko zerbitzuak eskaintzeko garaian.
Osasunaren esparruan sare osatua izateaz gain, gizartean behar handien duten sektoreei laguntza eskaintzen zaie Arabako udalerri guztietan oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, horixe baita herritarren arazoei erantzuteko lehenengo maila.
Beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dira, hala nola, etxeko laguntza-zerbitzua, egoitza-sare handia, etxebizitza babestuak eta eguneko zentroak, ezintasunen bat duten pertsona helduei nahiz gizartean parte hartzeko beste zailtasun-motaren bat izateagatik laguntza berezia behar dutenei zuzendua.
Beste esparru batean, lanean trebatzeko zentroek lanerako prestatzeko zerbitzuak eta gizarte-harremana eskaintzen dizkiete urritasun psikikoa duten pertsonei. Enplegurako zentro berezietan ordaindutako lan produktiboa garatzen da.
Adin txikikoei eskainitako arretari dagokionez, Arabako Foru Aldundiak, Haurren Lurralde Zerbitzuaren bidez, haurrak babesteko ahalegina egiten du. Horretarako, adin txikikoak presazko izaeraz hartzeko programak kudeatzen ditu, egoeren diagnostikoa eta balorazioa egiten du, egoitzetan hartzen ditu, tutoretza eta adopzioa eskaintzen die, familietan jasotzen dituzte, haurren tratu txarren kasuen salaketak jasotzen ditu, zailtasunak dituzten gazteei heziketa eskaintzen die eta haurdun dauden emakumeei ere laguntzak eskaintzen dizkie. Ildo beretik, laguntzeko gainerako zerbitzuek oso maila ona dute.