



Arabako lurraldeak aisialdirako zerbitzuen eta azpiegituren sare zabala du, berorien bidez biztanleen bizi-kalitatea eta kultur aberastasuna hobetzeko asmoz. Udalerri askotan liburutegiak, kultur etxeak, kiroldegiak, egoitzak, igerilekuak, pilotalekuak, bolatokiak, futbol-zelaiak, saskibaloi-kantxak etab. aurki ditzakegu.
Gasteizen biltzen dira lurraldeko biztanle gehienak eta gizarte-etxe ugari ditu auzoetan banatuta. Bertan kirol-jarduerak, jarduera kulturalak nahiz sozialak garatzen dira. Gizarte-etxe hauek nahiz udalerri nagusietan eta koadrilen edo eskualdeen guneetan kokatutakoek enpleguaren sustapenari, gizarte-laguntza eta baliabideei, gazteei zuzendutako arretari eta gizarteak eskatutako beste gai batzuei buruzko informazio-guneak, aholkularitza eta, hala dagokionean, kudeaketa eskaintzen dituzte.
Kirolari dagokionez, Mendizorrotza, Gamarra eta Estadio esparruek nahiz gizarte-etxeek kirol ugari egiteko aukera eskaintzen diete arabarrei nahiz bisitariei.
Lurraldearen gainerako tokietan ere kirol-azpiegitura garrantzitsua dago: lau golf-zelai (bi publikoak), futbolera, tenisera eta saskibaloira jolasteko zelai asko, zentro hipikoak, estalitako nahiz kanpoko igerileku asko, pilotalekuak, bolatokiak, eski nautikoa, wind-surfa eta bela urtegietan, kirol-abiazioa, arrantza, ehiza, mendi-ibilietarako eta mendiko bizikletako ibilbideak nahiz eskalatzeko inguruak.
Herri kirolak ere Arabako txoko desberdinetan ikus ditzakegu. Natur nahiz hiri-ingurunean, Arabak kalitate handiko eskaintza turistikoa du eta, bestalde, kostaldetik hurbil dago, Gasteiztik ordu betera baitago hondartza.
Hotelek, nekazaritza-turismoko etxeek, euskal sukaldaritza ospetsua dastatzeko jatetxeek eta Arabako Errioxako upelategi bikainek lurralde honetan egonaldi erosoa eta dibertigarria bermatzen dute.
| INFORMAZIO GEHIAGO |
 |
|