Arabako Foru Aldundiak, beste instituzio batzuekin batera, lurraldearen ondare artistiko eta kulturalaren zati handi bat bildu du Gasteizko eta Arabako beste herri batzuetako museo eta artxiboetan.

Artium Museoak maila handiko artelan garaikideen bilduma iraunkorra du eta egile garrantzitsuen pinturak, eskulturak, grabatuak, marrazkiak, argazkiak eta instalazioak biltzen ditu; besteak beste, ondoko egileen lanak ditu: Salvador Dali, Pablo Picasso, Antoni Tàpies, Joan Brossa, Jorge Oteiza edo Eduardo Txillida, eta baita egungo egileenak ere: Miquel Barceló, Cristina Iglesias, Juan Muñoz edo Txomin Badiola; Estatu mailan museo garrantzitsuenetako da honakoa.

Arte Ederren Museoak Pizkundeko eta Barrokoko lan asko ditu eta, besteak beste, Riveraren "Kristoa" eta Alonso Canoren "Sortzez garbia" azpimarratu behar dira. Bestalde, euskal kostunbrismoari dagozkion lan ugari ere baditu.

Gaur egun museo berri baten eraikuntza kudeatzen ari dira, gero eta fondo gehiago baitituzte.

Bendañatarren jauregia ("Fournier" karten museoa) Gasteizko alde zaharrean dago eta karten munduko bildumarik garrantzitsuenetakoa du, 18.500 ale ingururekin; bertan ikusgai dauden kartek gai desberdinak garatzen dituzte eta euskarri desberdinetan eta ezagutzen ditugun inprimatzeko teknika guztiak erabiliz eginda daude.

"Naipes Heraclio Fournier" enpresa gasteiztarrak -mundu mailako garrantzitsuena karten fabrikazioari dagokionez- museoari eman dio bere bilduma.

Armen Museoak -historiaurretik XX. mendearen hasiera arte erasorako nahiz defentsarako erabilitako armek osatzen dute- eta Arkeologia Museoak Arabako historiako garai desberdinak biltzen dituzte. Bere aldetik, Natur Zientzien Museoak Euskal Herriko historia naturalari buruzko bilduma zabal eta osatuenak jaso ditu. Herbarioa azpimarratu behar da, Iberiar Penintsulako bost herbario handienen artean baitago.

Bilduma geologikoen artean, duela gutxi Urizaharran aurkitutako anbar-aztarnategia nabarmendu behar da eta, bestalde, kretazikoaren amaierako dinosauruen eta dortoken bilduma bikaina du, Europako onenetakoa.

Bisitarientzat interes berezia duten beste puntu batzuk ere badira, hala nola, Pipaongo, Zalduondoko, Artziniegako, Amurrioko eta Oiongo museo etnografikoak.

Biasteriko La Hoya museoak -Burdin Aroko herrixka zeltiberiarreko aztarnak eta hirigintzako eta erreminten adibide garrantzitsuak ditu- eta Iruñako Oppidum aztarnategiak -erromatarrak lehenagoko indigenen herrixka batetan finkatu ziren eta defentsarako tresnen, harresien eta eraikin publiko eta pribatuen aztarna ugari daude- bisitaria Arabako historiaren lehen garaietara eramango dute.

Laudioko Euskal Gastronomiako Museoak, Ollerietako Euskal Zeramikako Museoak, Mendozako Dorreko Museo Heraldikoak eta Kexaakoak osatzen dute kultur proposamen zabal eta interesgarri hau.

Gainera, Arabako Foru Aldundiko Fernando Amarica erakusketa-aretoak erakusketa-programa zabala garatzen du -Estatuko erakargarrienetakoa- eta lehen mailako artisten erakusketak biltzen ditu.

Horiekin batera, fundazioek, udalek, bankuek eta aurrezki-kutxek kudeatutako beste areto batzuek nahiz lurraldeko artxiboek Arabako kulturaren irudi erakargarria osatzen dute.




Arabak ondare arkitektoniko eta kultural zabala du eta dorretxe, gaztelu, nobleen etxe, jauregi, eliza eta erromanikoaren adibide ugari ditu. Hiriburuan, Arte Ederren Museoak Estatuko fondorik aberatsenetakoa biltzen du arte garaikideari dagokionez.

Karten Museoak, Armen Museoak, Natur Zientzien Museoak, Arkeologia Museoak eta Museo Heraldikoak Arabako eta Euskal Herriko historiaren irudi bizia eta erakargarria eskaintzen dute.

Museo etnografikoek, liburutegiek, unibertsitate-campusak, Gasteizko eta Arabako artxiboek, kultur fundazioek eta erakusketak, kongresuak eta hitzaldiak egiteko aretoek jarduera-programa desberdinak eskaintzen dituzte urte osoan.

Jazz eta antzerkiko nazioarteko jaialdiek, Musika Zaharraren Asteak, Nazioarteko Koruen Asteak, Folklore Jaialdiak, Organoaren Jaialdiak, Umore eta Ilusionismoko Antzerki Jardunaldiek, Gastronomiako eta Goi Mailako Sukaldaritzako Nazioarteko Lehiaketek, zezenketek, Andre Maria Zuriaren jaiek eta Arabako herrietako festa-programek aukera zabala eskaintzen diete Arabako biztanleei edo bisitan datozenei.
Zure erabiltzaile izena sartzeko
edota alta emateko, hemen sakatu.
Home Prentsa Jaistekoak Erregistroa Mapa Harremanetarako
Korporazioari buruzko
informazioa
Industrialdeak
Enpresak
Lur erabilgarria
Arabako balioak
Albisteak
Enpresen web guneak
Kontratatzailearen Profila
Alavamap
Araba Garapen Agentzia
Helbidea:  Landazuri kalea, 15 Behea · 01008 Vitoria-Gasteiz
agencia@aad.es
Tel. 945 15 80 70 · Lege-oharra
Desarrollado por Veiss
Coordinadora Española de Polígonos Empresariales Araba Garapen Agentzia, CEPE - Enpresa Poligonoen
Espainiako Koordinakundearen Erakunde Laguntzailea
www.poligonoscepe.org